HAURRESKOLA LURPERATZEAREN KONTRAKO SINADURA BILKETA

Zuetako askok, ziurrenik, Lehendakari Agirre plazan egin nahi duten haurreskola berriaren eraikuntzaren berri izango duzue. Albiste ona dirudi udalak urtean 44.000 aurreztuko dituelako. Baina, leku horrek sor ditzakeen arazoak kontuan hartuta eta udalak honen inguruan egin zaizkion aholkuei entzungor egin diela ikusita; Galdakaoko herritarrei honen guztiaren berri emateko mobilizatu gara. Mobilizazioaren helburua EZ DA HAURRESKOLA BERRIAREN PROIEKTUA GELDIARAZTEA, leku hobean egitea baizik.

HAURRESKOLA LURPERATZEAREN KONTRAKO SINADURA BILKETA

Sinadurak non eta noiz batuko ditugun zehaztu gabe dugun arren, hauek dira zuen laguntza eskatzearen arrazoiak:

  • Kokapen erabat desegokia, haurrek erdialdean aisialdirako duten ekipamendu urrietako bati lekua kenduko diolako.
  • Gaur egungo proiektuak haurreskola erdi-lurperatuta aurreikusten du, 1,20 metroko sakoneran, argi eta aireztapen artifizialarekin, aurreikus daitekeen hezetasun arriskuarekin, jolastoki estalkirik gabea, sarbidea aldapa luzearekin EMERGENTZIA EGOERAN HAURREN EBAKUAZIOA ASKO ZAILDUKO DUENA, eta handitzeko aukerarik ematen ez duena (gehiegizko edukiera 42 haur).
  • Etorkizunean metroaren sarbidea haurreskolaren ondoan eraikitzeak are desegokiagoa egiten du Plaza Gorria Galdakaok eskatzen eta merezi duen kalitatezko eskola-ekipamenduaren kokalekutzat.

Horregatik, kontuan hartuta badaudela ekipamenduetarako guneak erdialdean, Udalari galdegiten diogu aurreikusi duen kokapena baztertu eta aztertu dezan herriaren erdian kalitatezko haurreskola egiteko beharrarekin bat datorren kokapena.

HAURRESKOLA ORAIN ARTE: OTSAILAK 10

Albiste berrien zain, gaur arte, proiektua aldatzeko erabakiak hartu direnean, honako berriak agertu dira:

Berri hauen aurretik, DEIAn HAURRESKOLA kota 0an egingo zela argitaratu zen.

Azkenean aurkeztu duten egitasmoan, infografia eta guzti, argi dago, “lurperatuta” egongo dela (zati baten behintzat).

HAURRESKOLA PROIEKTU JAZARPENA IKUSI

KALTEEN INGURUKO HAUTEMATE GEHIAGO

Sinadura bilketan agertuko diren arrazoi nagusiez gain, guraso batzuk (etorkizuneko erabiltzaileak) hitz egiten egon gara, haurreskola leku horretan egiteak ekarriko lituzkeen beste arazo batzuen gainean:

  1. Hezetasuna. Ez dugu uste, hezetasun arazoak egonez gero, konponbide errazik izango dutenik. 0-2 urte bitarteko haurrek eta hezitzaileek egunero-egunero ordu asko pasako dituzte bertan. Ez dugu uste, bat ere osasungarria denik ez gure seme-alabentzako ezta beraien hezkuntza eta zaintzaz arduratzen diren hezitzaileentzako ere.
  2. Plaza gorriko klimatologia eta zikinkeria. Plaza gorriaren erabiltzaile garen gurasook, jakin badakigu nolakoa den bertan egiten duen hotza zein beroa, eta zer esanik ez, haize korronteak. Gure iritziz, jolastokia egiteko proposatutako tokia (estali gabe egongo dena) ez da egokia 0-2 urte bitarteko haurrak egoteko. Haur hauek gauza guztiak ahora eramaten dituzte. Haizeak orri, zigarrokin, plastikozko poltsa, eta abarrak bertara eraman ditzake. Arriskutsua da.
  3. Lurperatutako beste haurreskola batzuetako esperientzia. Lurperatutako haurreskoletan lan egin duten hezitzaileekin berba egiteko asmoa dugu, euren esperientzia konta diezaguten eta, halaber, denboraren poderioz haurreskola horien egoera zein den argazkien bidez erakuts diezaguten (berritan denak ziren oso politak, baina hau urte luzerako inbertsioa da). Karrantzan, adibidez, hezetasun arazoak dauzkan haurreskola bat dago. Bertara joatekotan gara aurrez aurre ikusteko.
  4. Gune publikoegia. Nire alaba, patio horretan, edozein ezezagunen begiradapean egongo da, haurreskola gainean begiratoki bat jarriko baitute. Ulertuko duzuenez, egoera hori ez da inondik inora nire gustukoa. Era berean, proiektu hau plaza gorriaren barruan egonik, gure haurrek kanpotik datorren edozein pilotakada har dezakete; zer esanik ez, txarto egiteko asmoa duen edozein nagusi. Honetaz gain, inguru horretan urtean zehar hainbat ekitaldi egiten dira, eta horrek, haurreskolaren dinamika kalte dezake. Badakit ekitaldiak asteburuan egiten direla eta ez dietela umeei enbarazu egiten, baina hauen prestaketak astean zehar dira: Galdakaoko jaiak, Erdi Aroko azoka, Stock azokak, besteak beste.
  5. Arlo ekonomikoari dagokionez, ez al da izango merkeagoa lurrazalean eraikitzea zulatzen hasi eta hezetasunari aurre egiteko neurriak hartzea baino? Gutako askok sotoetan dauzkagu trastelekuak eta badakigu zein garesti suertatzen den konponketak egitea.

ALTERNATIBAK

Kexatzea gogoko dugula pentsatuko du zenbaitek, baina aipatutako arazo hauek guztiak ekidin daitezke haurreskola beste toki baten eraikiz:

  • Parking “rotatorio”aren ondoan. Bertan dagoen zelaian ia inork erabiltzen ez duen bidegorria kenduz.
  • Lapurdin, bidegurutzearen ondoan dagoen zelaian, “txinoak” baino pixka bat gorago. Toki hau isolatua eta eguzkitsua da.

Bi adibide baino ez ditugu jarri, baina pentsatzen dugu udalak espazio gehiago izango dituela, guri behintzat, bururatzen zaizkigu. Baina, jakina, Hiri Antolaketarako Plan Orokorra ezagutzen ez dugunez, ez gara ur handitan sartuko.

IRITZIA

Ez dut ulertzen, Udal Gobernua zer dela eta tematu den plaza gorrian eraikitzen. Honen ordez, herriarentzat onura ekarriko duten ESPAZIO BERRIAK egokitu beharko lituzke. Haurreskola Lapurdin eraikiz, adibidez, Tximelarre Goikoarekin bat egingo litzateke eta gaur egun tristea den gune hori piztuko litzateke. Aurrez aurre dagoen plaza konpondu ahal izango litzateke eta baliteke norbaitek bertako lonja baten negozio bat jartzea. Auskalo! Argi dagoena zera da, plaza gorrian ez dago zer egin.

LANEAN ARI GARA

Sor daitezkeen berrien zain gaude. Gure eskuetara heltzen den edozein artikulu web.etik edo facebooketik helaraziko dizuegu. Adi egon, gutxi barru kartelak ikusiko dituzue kalean. Bertan sinadura bilketaren berri emango da. Gure txikien onerako lan egin nahi duena beso zabalik hartuko dugu.

Galdakao. Todo lo que ocurre en el pueblo, y lo que no también.

Si continuas utilizando este sitio, aceptas el uso de las cookies. Más información

Las opciones de cookie en este sitio web están configuradas para "permitir cookies" para ofrecerte una mejor experiéncia de navegación. Si sigues utilizando este sitio web sin cambiar tus opciones o haces clic en "Aceptar" estarás consintiendo las cookies de este sitio.

Cerrar